XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zuzenbide Konstituzionala

Derecho Constitucional, I.

Hainbat autoreren artean (L.L. Guerra, E. Espín, J.G. Morillo, P.P. Tremps eta M. Satrustegik) egindako obra da, eta Donostiako Zuzenbide-Fakultatean testu-liburutzat daukatena.

Orain, aurreneko liburukia euskaratuta dago, eta bigarrena martxan.

Honelako liburu bat euskaratzeak planteatzen dituen kontuan hartu beharreko batzuk aipatuko ditugu hemen:

1) Ikasteko liburua da: Ez da irakur-liburu soila, gustokoa bada irakurri eta bestela bazterrera utzi daitekeena.

Liburu hau ikasi egin behar da, eta gero horren kontura azterketa pasatu.

Karrera bat dago jokoan.

2) Euskararen aldetik, zehatza behar du izan, bai terminologian eta bai formulazioan; baina gainera erraz ulertzeko modukoa behar du izan.

Bestela, askotan gertatzen den bezala, ikasleak euskarazko liburua baztertu eta erdarazkotik ikasiko du bere gaia.

3) Jatorrizko testua: bai gaia eta bai berau tratatzeko modua unibertsitate mailakoak dira; beraz, hizkera jasoa erabiltzen da, matizazio eta zirkunstantzia asko inplikatzen dituen fraseologia, perpausaren barruan aipamen asko dituen esamoldea.

Ondorioz, perpaus erlatibo bakun eta konposatu asko ageri dira, aposizioak erruz, perpaus konpletibo eta menpekoak ezin konta ahala; eta esposizio-modu honetan ohi denez, fraseologia luzea eta, askotan, oso nekez moztu daitekeena.

Labur esateko, esposizio zientifikoak eskatzen duen prosa eta estiloa daukagu sortu beharra euskaraz.

Horra atzaparrak bete motibo, euskarak armario eta kutxa zaharretan dauzkan baliabide handi eta txiki guztiak atera eta, erreparo zozoak baztertuz, euskarari kulturazko aireberritze bat emateko.

Honetarako behar den euskara-eredua Axular, Mendiburu, Agirre Asteasukoa, etab.ena da, eta gaur oraindik gure aitona-amonek hitz egiterakoan erabiltzen dutena.

Honekin ez dugu baztertu nahi gaurko euskara idatzia, ez horrelakorik!

Baina, zurrunegia ikusten dugu, aurriritzi gehiegiz lotua eta murriztua.

Autore zaharrek eta gure herriko jende zaharrak horixe baino euskara libreagoa erabiltzen dute, bai, libreagoa eta jatorragoa ere bai.

Gure ustez hori da gai handi hauek eskatzen duten euskara-eredua.

Dena dela, honelako kontzeptu- eta estilo-mailatan ibiltzeak asko ere asko lagunduko dio euskarari ikuspegi berriak hartzen eta bere itxiturak zabaltzen.